Kulturako Zuzendaritza Nagusiak gaur aurkeztu du DNA Nafarroako Dantza Garaikidea 2026 edizioa, Baluarte Fundazioarekin elkarlanean garatutako programa bat, sorkuntza artistikoa sustatzea eta dantza garaikidea Nafarroako herritarrengana hurbiltzea helburu duena. Ekitaldia Atarrabiako Kultur Etxean egin da, eta bertan izan dira Ignacio Apezteguia Kulturako zuzendari nagusia, Mikel Oteiza Atarrabiako alkatea, Marisol Martinez Caspe Nafarroako Gobernuko Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko burua eta parte hartzen duten konpainietako ordezkariak.
Apirilaren 10etik maiatzaren 10era, Nafarroako Antzoki Sareko 16 agertokik hartuko dituzte aurtengo edizioko estreinaldiak eta emanaldiak. Jaialdia sendotu egin da ekosistema bizia gisa, non dantza garaikidea komunikaziorako eta inguratzen gaituen mundua ulertzeko tresna bihurtzen den.
2025eko egoitzen erakustaldiak
Apirilaren 10etik maiatzaren 10era, Nafarroako Antzoki Sareko 16 agertokitan aurkeztuko dira 2025eko edizioan egoitza artistikoetan garatutako lanen estreinaldiak eta emanaldiak.
Aurtengo proposamenen artean, Dinamo Danza konpainiak ‘Qualia’ aurkezten du, Carmen Larraz zuzendariarekin. Zientziako kontzeptuekin elkarrizketan aritzen den obra da, gorputza entitate energetiko gisa aztertzeko. Apirilaren 10ean estreinatuko da Noainen (20:30ean), eta ondoren Zangozan (apirilaren 25ean), Azkoienen (maiatzaren 9an) eta San Adrianen (maiatzaren 10ean) izango da.
Bestalde, Olatz Larunbek ‘Etena Dena’ estreinatuko du, unean uneko presari eta mugimenduaren bidezko erresistentziari buruzko gogoeta. Emanaldiak Altsasun (apirilaren 11n), Antsoainen (apirilaren 17an), Tafallan (maiatzaren 1ean) eta Beran (maiatzaren 3an) izango dira.
Ane Sagüesek eta Paula Puchaltek ‘Mi Carrera’ aurkezten dute, ahaleginaren kulturari eta birtuosismoari buruzko galdera planteatzen duen dantza. Zizur Nagusian (apirilaren 11n), Etxarri-Aranatzen (apirilaren 12an), Lizarran (apirilaren 18an) eta Atarrabian (apirilaren 26an) izango da ikusgai.
Azkenik, Led Silhouette konpainiak ‘Ultimatum’ aurkezten du, dantza, antzerkia eta zinema uztartzen dituen proposamena, kolapsoaz eta giza hauskortasunaz hitz egiteko. Lesakan (apirilaren 12an), Agoitzen (apirilaren 19an), Castejonen (apirilaren 25ean) ikusi ahal izango da, eta maiatzaren 10ean Berriozarren amaituko da.
Ikuskizunetarako sarrerek 6 euroko prezioa dute, eta espazio bakoitzeko ohiko salmenta kanaletan eskuragarri daude.
Egoitza berriak eta lankidetzak
Ekainetik irailera bitartean, lau egoitza berrik artistei sormen-proiektuak garatzeko aukera emango diete Nafarroako Antzoki Sareko hainbat espaziotan. Edizio honetan, IXA, Idoia Rodriguez, Amelia Alvarez eta Saioa Lara artistek Zizur Nagusian, Altsasun, Lesakan eta Lodosan egingo dituzte beren ikerketa-prozesuak.
Halaber, DNA 2026k lankidetza estrategikoak mantentzen ditu Atalak mugaz gaindiko proiektuarekin, Nafarroako Unibertsitate Museoko Museo en Danza zikloarekin eta Dansa València jaialdiarekin; horietan, DNA programan parte hartzen duten Nafarroako konpainiek presentzia izango dute.
Bitartekaritza eta prestakuntza
Emanaldi eta egoitzak bitartekaritza-jarduerekin osatuko dira, dantza garaikidea parte hartzen duten herrietako publikoari hurbiltzeko.
Gainera, programazioak hainbat tailer biltzen ditu: Dinamo Danzak Nafarroako Dantza Eskolako ikasleentzat emango duena apirilaren 7an, eta Led Silhouettek Haizea Elkarteko irakasleentzat apirilaren 23an eskainiko duena. Era berean, Corellako Alaitz BHIan zein Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskola Publikoan, Olatz Larunbek eta Paula Puchaltek arte eszeniko eta musikaletako batxilergoko ikasleentzat klase magistralak emango dituzte. Parte-hartzea osatzeko, Alaitz BHIko ikasleek sortutako ohiko flashmoba egingo da, eta apirilaren 29an —Dantzaren Nazioarteko Egunean— emango da, Cultura Navarra-ren sare sozialen eta DNA programaren webgunearen bidez.