Oinak hodeietan programaren seigarren edizioa 2025eko abuztuaren 7a eta 31 artean egingo da. 17 konpainia eszenikok antzerkiko, zirkuko, magiako eta dantzako proposamenak eskainiko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko 16 kokaleku paregabetan. Nafarroako Gobernuaren Kulturako Zuzendaritza Nagusiak-Vianako Printzearen Erakundeak eta Baluarte Fundazioak sustatzen dute zikloa, Nafarroako arte eszenikoetako elkarteekin eta jarduera horiek gauzatzen diren toki-erakunde desberdinekin elkarlanean.
Programak NICDO enpresa publikoaren eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren babesa du. Programaren lehentasunezko helburuetako bat da jendez hustuta gelditzeko arriskuan dauden Nafarroako herriak sustatu, hedatu eta ikusgai egitea. Xede horretarako, ezaugarri horiek dituzten herriak jarduera hauetarako kokaleku moduan hautatu eta lokalizatzeko lan bat egin da.
Azken astea Orbaibarko herri txiki batean abiatuko da, Eristainen. Ermita erromanikoaren kanpoaldean, argia eta dantza protagonistak izango dira ilunabarrean: argia, informazio-iturri moduan, baina baita misterio-iturri moduan ere. Dinamo Danzaren Luz negra ikuskizunean, Carmen Larraz dantzariak dantza garaikideko pieza bat proposatuko du abuztuaren 28an, eta ikusgaia eta ikusezina denaren, ikusten denaren eta irudikatzen denaren artean jolastuko da.
Cortesko gaztelua bingo bihurtuko da hilaren 29an. Hara joango da Paquita, bizimodu berezirik ez duen emakume bat, ohikeriak eta asperdurak itota. Zortearen bila joango da, eta aldaketa eragiteko. Marta Juanizek jokatuko du emakume horren rola Sólo para Paquita lanean, La Nave Teatrok eskainita.
Ahaztutako ametsak gogoratzeko ibilgailua izango da magia Itzal konpainiaren El diario antzezlanean. Santa Fe monasterioa magia-, poesia- eta umore-ikuskizun honen agertokia izango da abuztuaren 30ean.
Eta programa Ekai-Longidako zerrategi zaharrean amaituko da, abuztuaren 31n, igandea. Pertsona arrotz bat iritsiko da maleta batekin, gerratik ihesean. Ottok eta Miak besoak zabalik hartuko dute, baina laster hasiko dira galdera asko egiten beren buruari: zer da gerra? Zer dago maletan? La maleta de Markel, Sakonera Produkzioak konpainiarena, publiko guztientzako ikuskizuna da, gaurkotasunarekin konektatua.