Oinak hodeietan programaren seigarren edizioa 2025eko abuztuaren 7a eta 31 artean egingo da. 17 konpainia eszenikok antzerkiko, zirkuko, magiako eta dantzako proposamenak eskainiko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko 16 kokaleku paregabetan. Nafarroako Gobernuaren Kulturako Zuzendaritza Nagusiak-Vianako Printzearen Erakundeak eta Baluarte Fundazioak sustatzen dute zikloa, Nafarroako arte eszenikoetako elkarteekin eta jarduera horiek gauzatzen diren toki-erakunde desberdinekin elkarlanean.
Programak NICDO enpresa publikoaren eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren babesa du. Programaren lehentasunezko helburuetako bat da jendez hustuta gelditzeko arriskuan dauden Nafarroako herriak sustatu, hedatu eta ikusgai egitea. Xede horretarako, ezaugarri horiek dituzten herriak jarduera hauetarako kokaleku moduan hautatu eta lokalizatzeko lan bat egin da.
Bigarren astean, dantza garaikideko bi piezek hasiko dute programa abuztuaren 14an, Fiteroko monasterioko Absideen plazan dantzatuta. Todo este ruido, Qabalum konpainiarena, zientzia-fikzioaren iruditeriarekiko eta munduaren sorrerari buruzko mitoekiko liluratik sortu da. Drone batek lagun egingo die koreografian bi dantzariri. Bere aldetik, Paspez producciones konpainiak Tengo algo preparado eskainiko du, eta bertan bi artistaren arteko gatazkek leher egingo dute.
Maitasuna, handinahia, mendekua eta jelosia Ablitasko gazteluraino helduko dira abuztuaren 15ean. Bost aktore jolasean ariko dira Shakespeareren tragedia garrantzitsuenetako laurekin Sexpir mal lanean, Adriana Olmedoren komedia errebeldean.
Artazuko plazak Halako Ezpalaren Motxila zirkuko pieza eszenikoa hartuko du abuztuaren 16an, larunbata. Gaspar Illorok eta Salomé Duartek airetiko akrobazia eskainiko dute sokan eta zuzeneko musika, pertsona guztiek beren bizkarrean daramaten jakindurian eta istorioetan sakontzen duen pieza batean.
Lo imposible se hace realidad aurkeztuko dute Iharnotzen, abuztuaren 17an, igandea. Teatros mágicos konpainiak eskapismo- eta magia-saioak eskainiko ditu, publikoak une ahaztezin bat bizitzea lortzeko.