Abiarazi da “Con los pies en la nubes/Oinak hodeietan” aire zabaleko arte eszenikoetarako programaren 2026ko ediziorako proposamenak aurkezteko deialdia. Proposamenak jasotzeko epea martxoaren 6ra arte (23:59) egongo da irekita. Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak eta Baluarte Fundazioak bultzatzen dute ekimen hau, NICDO sozietatearen eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuaren laguntzarekin.
Programaren jomugak honako hauek dira: Nafarroako arte eszenikoen sektore profesionala babestea; gure lurraldean kultura-programazioa dibertsifikatzea; antzerkirako, zirkurako, magiarako edo dantzarako gune berriak deskubritzea; eta horrenbestez, ikus-entzuleek esperientzia kultural eta artistikoaz gozatzeko modu berri bat proposatzea.
Programa honen bitartez, Nafarroako konpainien formatu txiki edo ertainetako ikuskizunak eramango dira, abuztuaren 6tik 30era, herri txikietara eta gune ez-konbentzionaletara, hala nola monasterioetara, gazteluetara, basoetara, baselizetara eta ondare-, kultura- edo natura-balio handiko bestelako lekuetara; hala, tokiak eta proposamen artistikoek elkar aberastuko dute, eta ikus-entzuleek horien edertasunaz gozatzen ahalko dute esperientzia bakar baten medioz.
Aurkezpenetarako epea eta modua
Nafarroako eszena-konpainia profesionalek gaurtik aurrera aurkezten ahal dituzte beren proposamenak, programazioaren hautaketan aintzat har ditzaten. Deialdiaren oinarriak eta izena emateko formularioa esteka honetan daude eskuragarri: https://forms.gle/mELqPCSfGMGc3ZYTA.
Lengoaia eszenikoen eskaintza orekatua eta askotariko ikus-entzuleei zuzendua ukan beharko du programazioak. Ikuskizunak hautatzeko, kalitatea eta guneetarako egokitzapena hartuko dira kontuan, eta programazioan euskarazko proposamenen bat egotea ere ezinbestekotzat joko da.
1.800 pertsona inguru bildu ziren ‘Con los pies en las nubes/Oinak hodeietan’ ekimenaren aurreko edizioan (2025eko abuztuaren 7tik 31ra). 17 konpainia eszenikok antzerki-, zirku-, magia- eta dantza-proposamenak eskaini zituzten, nola gaztelaniaz hala euskaraz, Foru Erkidegoko 16 toki berezitan.