Con los pies en las nubes / Oinak hodeietan programaren 7. edizioa 2026ko abuztuaren 6tik 30era gauzatuko da. Nafarroako 18 konpainia eszenikok nola antzezlanak, zirkua edo magi-ikuskizunak hala proposamen hibridoak eskainiko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko 16 leku paregabetan.
Programak ohiko egitura mantentzen du, eta 16 eguneko programazioa du ostegunetik igandera. Horrez gain, aurten lurraldeak deskubritzeko zaletasuna indartuko du: programako 11 leku lehendabizikoz sartuko dira ibilbidean eta 4 konpainiak lehenengoz hartuko dute parte.
Con los pies en las nubes / Oinak hodeietan Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak eta Baluarte Fundazioak sustatu dute, Nafarroako Gobernuaren Lurralde Kohesiorako Departamentuarekin eta NICDO sozietate publikoarekin lankidetzan. Ikuskizunetarako sarrera doakoa da, edukiera bete arte. Gonbidapenak Baluarte Fundazioaren webgunetik (www.fundacionbaluarte.com) erreserbatu daitezke.
Zikloaren edizio berria gaur aurkeztu da prentsaurreko bidez Nafarroako Artxibo Nagusian. Rebeca Esnaolak —Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak—, Jesús María Rodríguezek —Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki-administrazio eta Despopulatzearen zuzendariak— eta Maitena Muruzabalek —programaren koordinatzaileak— hartu dute parte. Ekitaldia Amico Teatrok dinamizatu zuen, eta konpainia berak emango dio hasiera programazioari abuztuaren 6an Orisoainen.
54 konpainia eta 66 leku zazpi ediziotan
2026ko edizioak honako hauek bilduko ditu: Amico Teatro, Iluna Producciones, La Cuerda Teatro, De Improviso, Zirika Zirkus, Argimalutak, Verdelimonar Teatro, Compañía Teatros Mágicos, Inpro Label, Pedro III Ilusionista, Próspero Teatro, Hodei Magoa, Riart Company, Akira Yoshida Comany, Qabalum, La Trapecionista, Cía Demián eta Yarleku Antzerkia.
Ikuskizunak leku hauetan egingo dira: Orisoainen, Tulebrasen, Cabanillasen, Larra-Belaguako Mata de Haya basoan, Aizkoan, Uitzin, Cortesko gazteluan, Iratxeko monasterioan, Erratzun, Artziko jauregian, Zuluetan, Kasedako San Zoilo ermitan, Eunateko Andre Maria elizan, Aurizberriko Trustabizkar bunkerrean, Urraulgoitiko Santa Fe monasterioan eta Jauntsaratsen.
Amico Teatrok emango dio hasiera programari abuztuaren 6an Orisoaingo Toursko San Martin elizaren kanpoaldean. Amico keinu bidezko antzerki-proposamena erakutsiko digute, laguntasuna, ametsak eta berriz elkartzea erritmo balkanikoan ospatzen dituen ikuskizun bat, hain justu. Hurrengo egunean, Iluna Producciones taldeak Tulebrasko ibar-basora eramango du La leyenda de los gigantes, adin guztietako pertsonentzako antzezlan bat, izaki misteriotsu horien jatorria eta basoaren magia arakatzen dituena.
Lehenengo asteak larunbatean, abuztuaren 8an, jarraituko du Cabanillasen (El Trujal de las Bardenas oliba-errota). La Cuerda Teatro taldeak Camping Las Reinas antzeztuko du, adiskidetasunaren, lurraldearen eta erresistentziaren inguruko komedia bat. Igandean —abuztuaren 9an— De Improvisok Larra-Belaguako Mata de Haya basoan Garabatos aurkeztuko du. Garabatos haurrentzako antzerki-inprobisazioaren estreinaldi bat da, eta istorioak publikoak sortutako marrazkietatik sortuko dira.
Bigarren astea abuztuaren 13an (osteguna) hasiko da Aizkoan, Zirika Zirkusen humorez beteriko Sinfonika Afonika zirku- eta antzerki-kontzertuarekin. Ostiralean (abuztuaren 14a), Argimalutak konpainiak Txondor plaza ikuskizuna aurkeztuko digu Uitzin. Ikuskizun horrek bizirik mantentzen du ikazkinen memoria antzerkiaren, zirkuaren, txotxongiloen eta zirku-tekniken medioz.
Abuztuaren 15ean (larunbata), Corteseko gazteluak Bebiendo hilos Verdelimonarren ikuskizuna hartuko du. Obra horrek humorea, mina, kantua eta entzunak izan nahi duten emakumeen ahotsak biltzen ditu. Abuztuaren 16an, igandean, Teatros Mágicos konpainiak Iratxeko monasterioan aurkeztuko du El vendedor de jabón. Zirku- eta antzerki-ikuskizun horretan saltzaile gazte batek burbuilen magia deskubrituko du.
Programari ostegunean ekingo zaio berriro, abuztuaren 20ean, Erratzun. Bertan Inpro Labelek InproFestAkzioa inprobisazio-antzerkia egingo du euskaraz, eta momentuan bertan sortuko dute antzezlana ikus-entzuleek egindako proposamenen arabera. Ostiralean —abuztuaren 21ean—, Artziko jauregia Pedro III Ilusionistaren EnigmáticaMENTE ikuskizunaren agertoki bihurtuko da. Magia- eta mentalismo-proposamen horrek giza gogamenaren enigmekin jolasten du.
Larunbatean (abuztuaren 22a), bestalde, Zuluetak Próspero Teatro taldearen Kapikua Cirkus hartuko du, pailazoak, oreka eta malabarak dituen obra bat. Igandean, abuztuaren 23an, Hodei Magoak Kasedako San Zoilo baselizan 3 elementos, una experiencia mágica inmersivaren bi emanaldi aurkeztuko ditu. Elkartze intimo horretan ikus-entzuleak askotariko zentzumen-bidaia baten erdigunean kokatzen dira.
Azken astea abuztuaren 27an (osteguna) hasiko da Eunateko Andre Maria elizaren kanpoaldean. Bertan dantzari eskainitako jardunaldi bat egingo da, honako hauek ikusteko aukera egonik: Riart Companyren Lo invisible, Akira Yoshida Companyren Oroimen eta Qabalumen Gárgola. Hiru dantza-emanaldiek memoria, ezkutuan dagoena eta gorputzen eta naturaren arteko harremana ikertzen dute hainbat hizkuntza koreografikoren medioz.
Abuztuaren 28an, ostirala, La Trapecionistak Aurizberriko Trustabizkar bunkerrera Zuhamu eramango du. Zuhamu zirku- eta dantza-ikuskizuna da, zuzeneko musika duena, eta uraren eta zuhaitzen arteko harremanean inspiratuta dago. Abuztuaren 29an (larunbata), berriz, Cía Demiánek Urraulgoitiko Santa Fe monasterioan Luz, cámara, acción ikuskizuna egingo du. Mimo-antzezlan horrek zinema klasikoaren eszenak birsortzen ditu jokoaren eta humorearen bidez. Edizioa igandean —abuztuaren 30ean— amaituko da Jauntsaratsen, hain zuzen, Yarleku Antzerkiaren Agur, Peter Pan obrarekin. Euskarazko obra horrek Peter Panen iruditeria lehen pertsonan bizitzea proposatzen digu.
66 leku eta 54 konpainia zazpi ediziotan
Con los pies en las nubes / Oinak hodeietan programak Nafarroan zeharreko bidaia kultural bat proposatzen digu abuzturako, eta bidaia horrek nola arte eszenikoak hala ondare- eta natura-garrantzi handiko lekuak elkar aberastea ahalbidetzen die ikus-entzuleei, lurraldeari lotutako gertuko esperientzia paregabe bat eskaintzeaz gainera.
Programaren helburu nagusietako bat Nafarroako arte eszenikoen lan-sektoreari babesa ematea da, bai eta kultur programazioa lurraldean zehar dibertsifikatzea eta gure foru-komunitateko herrien ikusgarritasuna sustatzea ere, bereziki herri txikiena eta despopulazio-arriskuan dauden lekuena. Horretarako, zikloak ikuskizun txiki eta ertainak eramango ditu ezohiko lekuetara, hala nola monasterio, gaztelu, baso, ermita, eliza, oliba-errota, jauregi edo bunker baten kanpoaldera.
Lehen ediziotik (2020ko abuztuan), Nafarroako 66 lekutara heldu da programa, eta antzerkiaz, magiaz, zirkuaz eta dantzaz gozatzeko aukera eman du hainbat lekutan, adibidez, ermitetan, gazteluetan, basoetan, erromatar aztarnategietan, errotetan, monasterioetan, ibaietan edo garbitegietan. Gainera, 2026an zikloa leku paregabe berri batzuetan egingo da, hala nola oliba-errota batean, bunker baten kanpoaldean eta jauregi batean. Programaren zazpi edizioetan Nafarroako Foru Komunitateko arte eszenikoen 54 konpainiak hartu dute parte (horietako lauk lehen aldiz aurten).