Nafarroako 17 konpainia eszenikok Foru Komunitateko 16 kokaleku berezi bisitatuko dituzte ‘Oinak hodeietan’ zikloaren 6. edizioan

31/07/2025
Imagen 2

Nafarroako Gobernuak eta Baluarte Fundazioak sustatutako ziklo honek antzerkiko, zirkuko, dantzako eta magiako proposamenak eskainiko ditu abuztuaren 7a eta 31 artean.

Con los pies en las nubes Oinak hodeietan artes escénicas teatro magia circo danza contemporánea

Oinak hodeietan programaren seigarren edizioa 2025eko abuztuaren 7a eta 31 artean egingo da. 17 konpainia eszenikok antzerkiko, zirkuko, magiako eta dantzako proposamenak eskainiko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko 16 kokaleku paregabetan. Nafarroako Gobernuaren Kulturako Zuzendaritza Nagusiak-Vianako Printzearen Erakundeak eta Baluarte Fundazioak sustatzen dute zikloa, Nafarroako arte eszenikoetako elkarteekin eta jarduera horiek gauzatzen diren toki-erakunde desberdinekin elkarlanean.

 

Programak NICDO enpresa publikoaren eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren babesa du. Programaren lehentasunezko helburuetako bat da jendez hustuta gelditzeko arriskuan dauden Nafarroako herriak sustatu, hedatu eta ikusgai egitea. Xede horretarako, ezaugarri horiek dituzten herriak jarduera hauetarako kokaleku moduan hautatu eta lokalizatzeko lan bat egin da. 

 

Zikloaren edizio berri hau gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan. Hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuaren aldetik, prentsaurreko horretan hauek parte hartu dute: Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilari Rebeca Esnaolak eta Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusi Jesús María Rodríguez Gómezek. Horrez gain, programaren koordinatzailea, Maitena Muruzábal, izan da.

 

17 ikuskizun 16 kokalekutan

 

2025eko edizio honetan arte eszenikoetako 17 konpainiak parte hartuko dute: antzerkiko zortzi izango dira, zirkuko hiru, dantzako lau eta magiako bi. Hain zuzen ere, hauek dira konpainiak: De Improviso, Amico Teatro, Iluna Producciones, Adriana Olmedo, Lorena Arangoa, Xabi Artieda, La Nave, Sakonera Produkzioak, Zirika Zirkus, Halako Ezpala, Levelibular, Qabalum, Paspez producciones, Akira Yoshida, Dinamo Danza, Itzal eta Compañía Teatros Mágicos. 

 

Jarduerak ostegunetik igandera egingo dira, 16 kokaleku hauetan: Petilla Aragoi, Lizoain, Arizkun, Mata de Haya-Basoa (Larra-Belagua), Fiteroko monasterioa, Ablitas, Artazu, Iharnotz, Iratxeko monasterioa, Azkarate, Galbarra, Ollo, Eristaingo ermita, Cortesko gaztelua, Santa Fe monasterioa (Urraulgoiti) eta Ekai-Longidako zerrategi zaharra. 

 

De Improviso konpainiak programa inauguratuko du, Petilla Aragoin, abuztuaren 7an. Istorio oso bat inprobisatuko du konpainiak, ordu batean, zirkuluan kokatuta egongo den publikoaren proposamenetan oinarrituta. 

 

Abuztuaren 8an, bi aingeru zuzenean zerutik eroriko dira Lizoaingo Elizar kultura-zentro bihurtutako elizan. Amico Teatroren Inmatriculaciones. Oh, my god! antzezlanean zenbait eszenatako zeremonia-maisu lana egingo dute. Eszena horietan, meza-mutilak, apezpikuak, apaizgaiak eta jabetzaren erregistroko funtzionarioak igaroko dira.

 

Baztanen, Arizkungo plaza biribila aire zabaleko zirku-pista bihurtuko da Zirika Zirkus konpainiarentzat, abuztuaren 9an. Marietak Zirkus ikuskizunean, bi iloba izebarekin batera emanaldi handiak egiteko asmotan iritsiko dira, ilobek uste dutena baino askoz ere gauzagoa dela erakutsiko duen izebarekin. 

 

Iluna Producciones konpainiak abuztuaren 10ean, igandea, aurkeztuko du bere proposamena, Mata de Haya basoan, Larra-Belaguan, protagonista izango den Robin Hood berezi batekin: Rockbin Hood. Joan Krudela-ren hainbeste gehiegikeria jasateaz nekatuta, mitoa berriro hezurmamituko du, baina ganberroagoa den bertsio batekin. 

 

Bigarren astean, dantza garaikideko bi piezek hasiko dute programa abuztuaren 14an, Fiteroko monasterioko Absideen plazan dantzatuta. Todo este ruido, Qabalum konpainiarena, zientzia-fikzioaren iruditeriarekiko eta munduaren sorrerari buruzko mitoekiko liluratik sortu da. Drone batek lagun egingo die koreografian bi dantzariri. Bere aldetik, Paspez producciones konpainiak Tengo algo preparado eskainiko du, eta bertan bi artistaren arteko gatazkek leher egingo dute. 

 

Maitasuna, handinahia, mendekua eta jelosia Ablitasko gazteluraino helduko dira abuztuaren 15ean. Bost aktore jolasean ariko dira Shakespeareren tragedia garrantzitsuenetako laurekin Sexpir mal lanean, Adriana Olmedoren komedia errebeldean.

 

Artazuko plazak Halako Ezpalaren Motxila zirkuko pieza eszenikoa hartuko du abuztuaren 16an, larunbata. Gaspar Illorok eta Salomé Duartek airetiko akrobazia eskainiko dute sokan eta zuzeneko musika, pertsona guztiek beren bizkarrean daramaten jakindurian eta istorioetan sakontzen duen pieza batean. 

 

Lo imposible se hace realidad aurkeztuko dute Iharnotzen, abuztuaren 17an, igandea. Teatros mágicos konpainiak eskapismo- eta magia-saioak eskainiko ditu, publikoak une ahaztezin bat bizitzea lortzeko. 

 

Noraezean dabilen pertsonaia galdu bat iritsiko da hilaren 21ean Iratxeko monasterioko elizaraino. Gertakari surrealistak gertatzen hasiko dira bertan, tokia eraldatu egingo da, eta amarru eta engainuetan bilduko du. El porqué de los perdidos dantza garaikideko pieza bat da, Akira Yoshidarena.

 

Aranburugoitia anaia-arrebak aurten hasi dira herri-kiroletan. Lorena Arangoak antzeztuko duen Aranburugoitiatarrak herri kirolak ikuskizunean nola moldatzen diren erakutsiko dute, abuztuaren 22an, Azkaraten. 

 

Festa, Fiesta, Party, Party!! Galbarrara iritsiko da abuztuaren 23an. Xabi Artiedak gozatzeko eta abesteko ospakizun bat proposatuko du, bizitzan zehar gurekin izan diren eta diren abesti horiek guztiak umoretik gogoratzeko. 

 

Eta programaren hirugarren astea Ollon amaituko da, abuztuaren 24an, igandea. Bertan, pertsonaia batek erori egiten den Makilazko mundua sortuko du (Un mundo de palos). Levelibular konpainiak zirku bisualeko, poetikoko eta umorez betetako ikuskizun hau aurkeztuko du, kontsumoari eta funtsezkoaren edertasunari buruz hausnartzeko.

 

Azken astea Orbaibarko herri txiki batean abiatuko da, Eristainen. Ermita erromanikoaren kanpoaldean, argia eta dantza protagonistak izango dira ilunabarrean: argia, informazio-iturri moduan, baina baita misterio-iturri moduan ere. Dinamo Danzaren Luz negra ikuskizunean, Carmen Larraz dantzariak dantza garaikideko pieza bat proposatuko du abuztuaren 28an, eta ikusgaia eta ikusezina denaren, ikusten denaren eta irudikatzen denaren artean jolastuko da.

 

Cortesko gaztelua bingo bihurtuko da hilaren 29an. Hara joango da Paquita, bizimodu berezirik ez duen emakume bat, ohikeriak eta asperdurak itota. Zortearen bila joango da, eta aldaketa eragiteko. Marta Juanizek jokatuko du emakume horren rola Sólo para Paquita lanean, La Nave Teatrok eskainita. 

 

Ahaztutako ametsak gogoratzeko ibilgailua izango da magia Itzal konpainiaren El diario antzezlanean. Santa Fe monasterioa magia-, poesia- eta umore-ikuskizun honen agertokia izango da abuztuaren 30ean.

 

Eta programa Ekai-Longidako zerrategi zaharrean amaituko da, abuztuaren 31n, igandea. Pertsona arrotz bat iritsiko da maleta batekin, gerratik ihesean. Ottok eta Miak besoak zabalik hartuko dute, baina laster hasiko dira galdera asko egiten beren buruari: zer da gerra? Zer dago maletan? La maleta de Markel, Sakonera Produkzioak konpainiarena, publiko guztientzako ikuskizuna da, gaurkotasunarekin konektatua. 

 

Sarrera librea eta doakoa

 

Ikuskizunetara sartzea librea da, leku-kopuru mugatua bete arte. 50 eta 200 pertsona artekoa izango da edukiera, tokiaren arabera. Gonbidapenak Baluarte auditoriumaren webgunean eta txartel-leihatilan hartu ahal izango dira, edo emanaldiak izango diren lekuetan, emanaldia egin baino ordu bat lehenago. 

 

Oinak hodeietan zikloaren xedea da Nafarroako arte eszenikoetako sektore profesionala babestea, kultura-programazioa lurraldean dibertsifikatzea eta publikoak kultura- eta arte-esperientzia gozatzeko modu berri bat proposatzea. Nafarroako konpainien formatu txiki edo ertaineko ikuskizunak ohikoak ez diren tokietara eta herrietara eramaten ditu, adibidez, monasterioetara, gazteluetara, basoetara eta ondarezko balio kultural eta natural handiko beste leku batzuetara. Zikloaren sei edizioetan, Nafarroako arte eszenikoetako 50 konpainia desberdinek esku hartu dute.