Roberto Forés Veses, zuzendaria
Steven Isserlis, biolontxeloa
Steven Isserlis biolontxelista entzutetsuak –kritikaren arabera, munduko bikainenetako bat denak– kontzertu birtuosoa eskainiko du English Chamber Orchestrarekin batera, Haydnen eta Beethovenen lanak emateko, bai eta Arriagarenak ere, haren 200. urteurrenean. Baluarte Fundazioaren 25-26 Denboraldiko nagusiko 11. proposamena da Baluarte Auditorioan.
Steven Isserlis biolontxelista britainiarrak ibilbide luzea egina du nazioartean, bai bakarlari eta ganbera-musikari gisa, bai egile, hezitzaile eta esatari gisa. Munduko orkestrarik garrantzitsuenekin jotzen du, dela garaiko taldeekin, dela talde modernoekin, eta munduko estreinaldi asko egin ditu. Elizabeth II.a erreginak Britainiar Inperioaren Ordena (CBE) eman zion 1998an, musikari egindako zerbitzuen esker onean. Nazioartean egin zaizkion aitortzen artean daude Piatigorsky Saria (AEB) eta Glashütteko Jatorrizko Musika Jaialdiko Saria (Alemania). 1997az geroztik, Prussia Coveko (Kornualles) Musikarien Nazioarteko Mintegiaren zuzendari artistikoa da. 'Corberongo Markesa' Stradivariusa jotzen du, 1726koa, Musikako Errege Akademiak lagata.
English Chamber Orchestra munduko ganbera-orkestrarik garrantzitsuenetakoa da, emanaldi ugari eginak ditu mundu zabalean, eta milaka grabazio eta kontzertu munduko musikaririk entzutetsuenekin, sei hamarkadako ibilbide luzean. Harro egoteko modukoa zaio nazioarteko musika-estandarrik gorenei eusteko tradizioa finkatu eta ospatzea, talentu berriak bultzatzea eta musika britainiar nahiz maisutza musikal britainiar onena lantzea.