Il Gardellino Baroque Orchestra
Cor de Cambra del Palau de la Música Catalana (Xavier Puig, zuzendaria; Marc Díaz, preparador del coro)
Christoph Prégardien, zuzendaria
Alison Lau, sopranoa
Martina Baroni, kontraltoa
David Fisher, tenorra
Micha Matthäus, baritonoa
Baluarte Fundazioa bere 25-26 Denboraldi nagusiko hitzordurik irrikatuenetako baten bidez hasiko da urteko garairik kutunenetako bat ospatzen Baluarte Auditorioan: Bachen Eguberriko Oratorioa. Il Gardellino Baroque Orchestra, Musika Katalanaren Palauko Cor de Cambra eta nazioarteko bakarlari sorta bat izanen dira interpreteak.
Eguberriko Oratorioa BWV 248 Johann Sebastian Bachen maisulan handietako bat da. 1734an konposatua, sei kantataz osaturiko lan monumental horrek era narratibo, arin eta musikalki bozkariotsuan kontatzen du eguberri-aldia. Elementu koralak, ariak eta errezitatiboak erabiltzen ditu, indar espiritual eta artistiko paregabearekin, oraindik ere publikoa hunkitzeraino, lana estreinatu eta ia hiru mende geroago.
Il Gardellino Baroque Orchestra arduratuko da interpretazioaz, hots, Europako talderik entzutetsuenetako bat, antzinako musikan espezializatua, garaiko instrumentuak erabiliz. Haien ondoan, Musika Katalanaren Palauko Cor de Cambra, Xavier Puigek zuzendua eta Marc Díazek prestatua, konplexutasun handiko partiturari behar diren ahots aberastasun eta zehaztasuna emateko.
Christoph Prégardien tenor eta zuzendari txalotua arduratuko da musika-zuzendaritzaz. Lotura sakona du Bachen lanarekin; beraz, bertsio fidel eta adierazkorra dago bermatua, ñabarduraz betea. Nazioartean ospetsuak diren lau bakarlari ere arituko dira: Alison Lau (sopranoa), Martina Baroni (kontraltua), David Fischer (tenorra) eta Micha Matthäus (baxua), Ebanjelioko pertsonaiak antzezteko eta Oratorioa osatzen duten meditazio poetikoak emateko.
Kontzertua aukera ederra da zinez errepertorio sakro barrokoaren maisulanetako bat entzuteko eta, aukera paregabea, halaber, historikoki funtsatua dagoen interpretazioa gozatzeko. Horra, beraz, hitzordu hauta Nafarroako eguberriko egutegian, inola ere galdu behar ez dena.