Teatro acrobático.
Autor, director y diseñador de iluminación: Daniele Finzi Pasca
TITIZÉ: A Venetian Dream da Baluarte Fundazioaren 25-26 Denboraldi nagusiko hirugarren ikuskizuna, Baluarte Auditorioan.
Hamar interprete talentudunen bidez –akrobatak, aktoreak eta musikariak–, TITIZÉk Veneziaren muinean barneratzera gonbidatzen gaitu, unibertso sotil eta ametsezko baten bidez gonbidatu ere, non iragana eta oraina kontakizun bakar eta liluragarri batean nahasten diren, eta istorioak –maskortxoak bezala hondartzan barreiatuak, bakoitzak bere edertasuna eta misterioa dituela– mosaiko eder batean berrosatzen diren.
Ikuskizunak tradizioa eta berrikuntza nahasten ditu, clown-joko liluragarrian, gorputza erabiliz, akrobazia baliatuz (aipamenak egiteko aukera ematen duena, metaforak sortuz, emozioak areagotuz) eta eszena-makina berritzaileak ere erabiliz, sorpresaz eta arintasunez beteriko antzerkia sortuta, hitza erabili behar izan gabe.
TITIZÉ fidela zaio ametsen hizkerari, eta ametsek irudi iragankorrak, aipamenak eta ameskeriak itzultzen dizkigute. Narrazioa, itxuraz zatikatua, aipamenezkoa da sakonki, eta hainbat esanahi-maila ehuntzen dituen jolas kaleidoskopiko batean garatzen da, “grammelot” hiperboliko bat gogora ekarrita. TITIZÉ, “zu zara”: hitz enblematikoa da, erritmoz betea, bere musikaltasun iradokitzailearen bidez “izan” aditza nabarmentzen duena, eta horrela azpimarratu egiten du adin guztietako publiko heterogeneoarekin harremanetan sartzeko esperientzia imajinatu baten unibertsaltasuna.
"Islak izanen dira uretan, hodeiak apalxko jaisten direneko gardentasun lainotsua, izanen dugu mozorroa janztearen jolas mitikoa, ezkutatzera eta agertzera garamatzana, gero berriz ere agerian uzteko: hots, magoek eta xamanek ezagutzen eta transmititzen dituzten hiru mugimendu magikoak. Gaua eta haren eromena izanen ditugu, bufoien tontakeriak, lebitatuko diren gauzak, hegan eginen duten akrobatak, euri surrealista, eta oreka ezinezkoen birsortze etengabea.
Halaber, tradizioaren pertsonaiak, halako joko kaleidoskopikoan biderkatuak, bikoiztuak, desmuntatuak eta berreraikiak izanen direnak. Antzinako pikaroen mundua eszenaratuko dugu, oraingo honetan prestidigitadore iaioen tankeran agertuko direnak. Venezia bat izanen dugu, bai eta hartan dauden giroak, bikaintasuna, poesia eta misterioak ere".(Daniele Finzi Pasca)