Zuzendaria: Nacho Duato
Nacho Duato Konpainiak zabalduko du Baluarte Fundazioaren 25-26 Denboraldi nagusia, bere koreografiarik adierazgarrienetako batzuk emateko: Gnawa, Liberté, Na floresta eta Cantus, hain zuzen ere. Konpainia gaztea da, koreografo eta dantzari txalotuaren errepertorioa berreskuratzeko eta gordetzeko sortua, eta lehen aldiz arituko da Baluarte Auditorioan.
Gnawa lana Mediterranian hasitako bidearen jarraipena da. Bertan, Nacho Duato koreografoak bere sustraietan sakontzen du, bai eta bere arbasoengandik jasotako herentzian eta Mediterraneo itsasoarekiko duen barne loturan ere. Piezaren bidez, Duatok paisaiaren sentsualtasuna eta bere jendearen sentiberatasuna agertzen dizkigu, mediterraneoaren funtsa oroitarazten diguten soinu espainiarrez eta iparrafrikarrez beteriko partituran barna gidatzen gaituela. Gnawak bere indarragatik, dotoreziagatik eta espiritualtasunagatik liluratzen gaitu, erritmo organikoz eta emozio biziz osaturiko unibertso batean murgilduta.
Liberté lana Rassemblement izeneko koreografiari dagokion binako pauso bat da, Toto Bissainthe konpositore eta abeslariaren abestietan inspiratua, Haiti bere sorterriari eskainia. Budu kultuak erakarritako esklaboen kantuak dira, minez eta erresistentziaz beterikoak. Duatok mugimenduan eraldatu du emozio hori guztia eta, ondorioz, sufrimendu, borroka eta itxaropen istorio bat kontatzen du musikaren eta dantzaren ahalmen askatzailearen bidez. Liberté ez da koreografia lan hutsa: ikusleari dei egiten dion lekukotasun poetikoa baita eta, aria-arian, giza eskubideen, duintasunaren eta askatasunaren inguruko kontzientzia kolektiboari egiten dion deialdi hunkigarri eta irmo bat bilakatuko da.
Na Floresta Amazonetako oihanen edertasuna birsortu duen triptiko musikala da, eta zuzenean jasotzen du folkloretik bere bikaintasunaren funtsa bera. Indar sutsu batek zeharkatzen du lana, edukiz eta arintasunez beteriko sekuentzien bidez sortua. Ez du berariazko mezurik zabaltzen, baizik eta aitzakia gisa baliatzen du musikatik abiatuta mugimendua sortzeko. Dena dela, naturarekiko barne loturako sentimendua transmititzen du.
Cantus Nacho Duatoren lan berria da, bere gazte konpainiarako sortua eta 2024an lehendabizikoz emana. Gatazka belikoen izugarrikeriez mintzo da, gerraren erdian harrapaturiko gazteen begien bitartez, eta mintzagai du, halaber, nola eragiten dieten indarkeriak eta suntsipenak haien bizitzei. Narrazioaren eta emozioen indargarri, Karl Jenkins konpositorearen musika hunkigarriak dago lana lagundua.