Sémiramis
Ángel Rodríguez, koreografia
Don Juan
Edward Clug, koreografia
Théâtre de l’Opéra National du Capitole de Toulouse, Théâtre National de l’Opéra-Comique de Paris eta Liceu, Ballet de l'Opéra National du Capitole de Toulouse erakundeek batera ekoizturik heldu da ikuskizuna Baluarte Fundazioko 25-26 Denboraldi nagusira, keinuaren bidez Gluck konpositorearen musikaren mundu sentikorra eta ñabarduraz beterikoa birsortzeko, haren errepertorioan murgiltze paregabea ahalbidetuta. Denboraldiko bederatzigarren proposamena da.
Jordi Savall, hots, violagambistarik entzutetsuena eta musikaren interpretazioa irauli duen zuzendarietako bat, aspalditik ibili da dantzaren munduan sarraldi bat egin nahian, Gluckek bere Don Juanerako idatzi zuen musikatik abiatuta. Orfeo et Euridice lana baino urtebete lehenago idatzia, konpositoreak balleta berritu zuen, Molièreren lan bat Vienako publikoarendako egokituz 1761ean. Hurrengo urtean, Sémiramis ondu zuen. Bi lanak berritzaileak dira, narrazio koherentea eskaini baitzuten lehen aldiz, orkestraren baliabide guztiak adierazkortasunaren zerbitzuan jarrita.
Jordi Savall eta Le Concert des Nations, Ángel Rodríguez, Edward Clug eta Ballet du Capitole de Toulouse batera aritu dira partitura horien kolore guztiak berreskuratzeko eta oroitarazi digute, Mozart baino mende laurden bat lehenago, beste pertsona ospetsu bat zebilela Europako eszenatokietan zehar, C. W. Glucken musikaren ahalmen iradokitzaile guztiarekin.
Edward Clug, Errumanian jaioa (Beius, 1973), ihesi joan zen Nicolae Ceaușescu diktadorearen zapalkuntza komunistatik eta dantza eskola batean eman zuen izena. Mariborko Antzerki Dramatiko Nazionaleko bakarlari bihurturik (Eslovenia), bere lehen koreografia 1996an sortu zuen. Behin ballet konpainiako zuzendari izendaturik, munduko konpainia ospetsuenetarako sortu ditu koreografiak: Zuricheko Balleta, Flandesko Royal Ballet, Essengo Aalto Balleta, Ukrainako Ballet Nazionala edota NDT, besteak beste.
Ángel Rodríguez, Madrilen jaioa, bakarlaria da, bai eta Genevako Antzerki Handiko Balleteko nahiz Dantza Konpainia Nazionaleko dantzari lehena ere. Bere lehen koreografia 1999an sortu zuen CND2rako. Lanak ondu ditu konpainia ospetsuetarako, hala nola: Dantza Konpainia Nazionala (CND), Innsbruckeko Tanz Company, Augsburgoko Balleta, Introdans, Hungariako Gyori Ballet, Tolosako Ballet du Capitole, Carmen Roche Balleta, etab.